Aurten, mendi lasterketa egin ondoren, gure egutegian beste hitzordu garrantzitsu bat geneukan, pirinioetara irteera. Oraingo honetan, Aragoi ibaiaren harana eta bertako gailurrik ospetsuenetako bat, Collarada, ezagutzea zen asmoa.
Larunbat arratsalderako Canfranc herrira iritsi ginen, eta horrek aukera eman zigun aterpetxean lasai egoteko, buelta bat eman eta goiz afaltzeko, honela lotara goiz joateko.
Igandean goizeko 5etan altxatu ginen, gosaldu eta segituan abiatu ginen. Kopetako argiak piztuta baso maldatsua pixkanaka-pixkanaka zeharkatu genuen. 2 ordu ondoren basoa atzean utzi genuen eta naturak egusenti ederra oparitu zigun. Horrez gain, inguru menditsua, animaliak, eta gure helmuga ikus genitzakeen.
Behin IP lakura iritsita, zatirik maldatsuena igo behar genuen, baina atsedenaldia egin ondoren indarrak berreskuratu genituen eta jarraitu genuen. Tontorretik gertu begiratoki bikainaz gozatzeko aukera izan genuen, eta pausoz pausoz gure helburua lortu genuen. Elurra zapaldu
eta harkaitz artean igo ostean derrigorrezko argazkia tontorrean egin genuen. Inguruaz gozatu ondoren, jaitsiera oso luzea Villanúa herriraino ekin genion.
Ia 9 orduren ostean Villanuara iritsi ginenean, arropa aldatu, zerbait hartu eta etxerako bidaiari ekin genion. Pozik bezain nekatuta autobusera sartu ginen, eta itzuliko bidaia irteera berriak aipatu eta diseinatzeko aprobetxatu genuen. Honekin gogorazi nahi dizuegu abenduaren 22an Txindoki mendira irteera antolatuko dugula eta jende asko etortzea espero dugula.