ERRONKA BERRIA: LASARTE-ORIAKO MENDI LASTERKETA

July 11, 2023
Foto Txintxarri

Lasarte-Oria Trailek eskuartean duen “proiektu berria” aurkeztu du. Iragarri du lehenengo Mendi Lasterketa antolatu duela. Igande honetan izango da, hilak 16. Ekimenak “ilusio berezia” egiten diela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Tabla de contenidos

Duela zazpi urte sortu zen Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak (LOTME), eta ordutik hona, herritarren mendi zaletasuna sustatzeko, hainbat eta hainbat kirol jarduera antolatzen dituzte, hala nola, Mendi Festa eta Familia Mendi Ibilaldia

Orain, ordea, beste pauso bat eman, eta bestelako proiektu bat abian jartzeko puntuan daude: Mendi Lasterketa. Lehenengoz antolatu dute aurten, eta iragarri dute igande honetan izango dela, hilak 16. Mendi lasterketetan ibiltzen dira LOTMEko kideak, eta hortik abiatuta, kontatu dute bazutela herrian horrelako kirol jarduera bat antolatzeko nahia: “Orain arte ez dugu mendi lasterketarik antolatu, uste baikenuen ez genuela nahikoa esperientzia eta jakintza horretarako, baina esperientzia bildu dugu, eta orain bai, orain dena egoki prestatzeko gai gara, eta horregatik eman dugu aurrerapausoa aurten”, gaineratu dute antolatzaileek. 

Ibilbidea eta aldaketak

Lasterketak, hasiera batean 16km eta 910eko desnibel positiboa izango zuela aurreikusi zuten antolatzaileek, baina Lasarte-Oriako harrobi inguruan emandako azken mugimenduak medio, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte. Gauzak horrela, zertxobait laburragoa izango da ibilbidea azkenean: 14km izango ditu, eta 800eko desnibel positiboa.

Desnibela +

800 m

Gehieneko garaiera

435 m

Distantzia

14 km

Zailtasuna

Alta

Ordutegia eta ibilbidearen funtsezko puntuak

10:00etan abiatuko da lasterketa Okendo plazatik, eta Kale Nagusian barrena, Sasoetara igoko dira korrikalariak. Hortik, institutura bidean,  Plazaolako bidea hartuko dute, eta behin bide horretako tunelak zeharkatuta mendi bideari ekingo diote Azkortetik, Buruntzara iritsi eta itzulerako bidea hartu aurretik. Helmuga Askatasunaren parkean izango da, eta bertan, amaieran hamaiketako txiki bat egiteko aukera izango dela eta iragarri dute.

Kiroldegiko dutxak ere erabilgarri izango dira 14:00ak arte, eta norbere objektu pertsonalak gordeta gera daitezen, kontsigna zerbitzua izango dela ere jakinarazi dute. 

Parte-hartzea eta itxaropenak

Antolatzaileek azaldu dute hasierako aurreikuspenen arabera, 200 bat parte hartzailek izen emango zutela aurreikusi zutela, eta inskripzioak nola doazen ikusirik, 160 bat izan daitezkeela aurreratu dute: “Pozik egoteko moduko kopurua da”. 

Sari banaketa

Sari banaketaz ere mintzatu egin dute, eta, iragarri 13:00etan izango dela, Okendo plazan. Eta sarien berri ere eman dute:

  • Helmugara iristen diren lehenengo gizonezko eta emakumezkoak 100 euro jasoko ditu, eta horrekin batera, garailearen txapela eta lore sorta bat ere bai.

  • Bigarren postua lortzen duten emakumezko eta gizonezkoak, berriz, 50 euroko saria jasoko dute.

  • Hirugarren sailkatuek, aldiz, 25 euro.

  • Buruntza tontorrera lehena iristen den lasterkariarentzat ere izango da 100 euroko sari bat

  • Helmugaratzen diren lehen lasarteoriatarrentzat (emakumezko eta gizonezkoa) ere sari bana prestatu dute.


Arduradunek uste dute diru sari horiek “erakargarri” direla parte hartzaileentzat.

Dortsalei buruzko informazioa

Dortsalak larunbatean, hilak 15ean banatuko dituztela ohartarazi dute. 17:00etan hasi eta 20:00ak bitarte izango da horiek jasotzeko aukera Okendo plazan, eta horrekin batera, sorta eder bat ere jasoko du parte hartzaile bakoitzak, honako produktuak izango dituela aurreratu dute: lasterketaren elastikoa, sagardoa, gazta. esnea, dozena erdi arrautza, patatak eta txokolatea.

Eta, gaur gaurkoz lasterketan parte hartu edo ez zalantza dutenek, ostegun gauerdira arte (hilak 13) dute horretarako aukera. Interesdunek honeko helbidean eman dezakete izena gure web horrian.

Esker hitzak

Aurkezpen agerraldia amaitu aurretik, eskerrak eman dituzte antolatzaileek. Alde batetik, udaletxeari, eta zehazki soziekonomia sailari, horren babesik gabe “ezinezkoa” litzatekeelako egitasmoa aurrera ateratzea. Kolaboratzaileak ere gogoan izan dituzte, eta nola ez, jarduera aurrera atera dadin ahalbidetzen duten boluntarioak ere aipatu dituzte. 

Jatorrizko iturria: Txintxarri

Compartir en: