AZKENEAN NEGUKO IRTEERA EGIN DUGU!
Duela 2 asteburu neguko irteera egin behar genuen, baina eguraldiaren iragarpenarengatik bertan behera uztea erabaki genuen.
Baina pasa den asteburuan nahiz eta eguraldiaren baldintzak eta iragarpenak nahiko nahasiak izan, azkenean joatea erabaki eta neguko irteera bikainaz gozatzeko parada izan dugu.
Halaber, moldaketak egin behar izan ditugu. Hasteko irteerako lekua aldatu genuen, eta Piedrafita de Jaca herrixkara joan ginen.
Iritsitakoan benetako neguko giroa aurkitu genuen. Haizea, behelainoa, hotza, elurra, eta leku paregabea neguko irteera hasteko.
Behin aterpetxean gauzak utzi eta mendiko gidariarekin elkartuta, pixkanaka pixkanaka ikastaroa hasi genuen.
Lehendabiziko irteera Ibon de Piedrafitaeraino joan ginen. Nahiz eta eguraldi nahiko petrala izan, atal batzuk jorratu genituen: Elur-erraketaz ibilbidea egin, eta bai hasi baino lehen, bai ibilbidearen erdian elur jausien aurrean derrigorrezko materiala erabiltzen ikasi genuen.
Gero denon artean aterpetxean goxo-goxo planifikazioari eta segurtasunari buruz elkarrizketa oso interesgarria egin genuen.
Igandean herriak ipar europako edozein herritxo zirudien. Basoak, bideak eta etxeak elurrez lepo zeudelarik. Gozatu ederra hartu genuen! Herritik bertatik abiatu eta ibilbide zirkular polita egin genuen. Eguraldia ere nahiko lagun izan genuenez, elurretan bidea irekitzen eta paisaiari eta orografiari buruz gehiago ikasi genuen. Ibilbidea amaitutakoan guztiok batera merezitako mokadutxoa egin eta itzulerako bideari ekin genion.
Asteburu bikaina!